XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAINKOAREN BILDOTSA

Egun batez, Jondoni Batista-k ikusten du Jesus hari buruz heldu: Huna Jainkoaren Bildotsa; huna munduko bekatuak ekentzen dituena.

Zertako deitzen othe du Jesus Jainkoaren Bildotsa?.

Mendeak eta mendeak Jainkoa gizon egin aintzin, Izraeldarrak Egiptoko Faraon edo erregen peko ziren, heien esklabo.

Lan bortitz guziak heiek behar jasan nahi ala ez, ezen azotea berme zabilan.

Bainan Izraeldarren asperenek Jainkoaren bihotza hunki zuten eta egun batez Mois heien buruzagia deitzen du.

Habil Faraonen aintzinerat eta errok Izraeldarrak utz ditzan Esiptotik joaiterat.

Hirekin izanen nuk.

Badoa Mois, bainan Faraon ez da hartarik ari....

Jainkoak orduan mehachu; Erregea bethi bere hartan.

Jainkoak orduan azkarrago joiten du: gaitza aberetan sartzen da; harriak urtheko ogi eta beste uzta guziak chehatzen ditu.

Hal'ere Faraonen bihotza eihartuz, kiskortuz doa.

Azkenean Jainkoak ondar kolpea emanen du: Esiptoko etche bakotchetan heriotzeak primu guziak eremanen ditu.

Izraldarrer aldiz horra zer manatzen duen: Holako eguneko, familia bakotchak eros dezala urtheko bildots bat, aharia eta gaitzik gabia.

Astirian denek hilen duzie eta haren odolarekin athesahets eta athe-buruak ontsa ihiztatuko.

Hor gaindi iraganen nizalarik Esiptarren joiteko, bildotsaren odolak beiratuko zituzte ene asarretik....

- Bildots horren odolak ditu Izraeldarrak Jainkoaren asarretik beiratu eta salbatu.

- Jesu-Kristok, Jainkoaren Bildotsaren odolak gitu Jainko Aitaren asarretik beiratu eta salbatu.

Bethi Esiptarren peko, beren Jainkoaren othoizterat ere ez aizu, azkenekotz Izraeldarrak heiek bezain errebes bilakatu ziren, heiek bezain pagano, ez tzarrago, ez hobeago.

Etzioten deusik zor'ta beraz Jainkoaren asarrea heien gainean finka ziteken.

Etzen bizkitartean finkatu, Bildotsaren odolak zitielakotz etsaietarik berechi, ta berechiz heriotzetik salbatu.

Mundua ere, Jesu-Kristo agertu aintzin, itsumangoka bekatuko ilhunpean zabilan, zurezko edo harrizko jainkoen ondotik.

Beharrik zinezko Jainkoaren Bildotsa jautsi da gu ganat, ta kurutzean bere burua eskaini, bere odola azken chortaraino ichuri.

Odol horrek gitu garbitu, salbatu.

Izraeldarrak etsaien peko ziren, heien esklabo; Esiptarren esku-makil, ahalgeak hurtuak, aspaldian beren buruaz jabetu nahiak ere, nolaz ez.

Hartakotz ditu Jaunak etsaien aztaparretarik ekendu eta urrundu.

Ondar ahamena ahoan, badoatzi gau hartan berean ihesi, lur sainduari buruz.

Badoatzi denak bizi; Esiptoko familia guziak aldiz dolian, beren primiak galdurik.

Gu ere, bekatuan ginenaz gain, debruaren peko ginen, haren esklabo.

Jesu-Kristoren odolak gitu behin bethikotz haren saretarik urrundu.

Egia erran ez dago lo: hor dabila itzulika nor ausik.

Bainan San Agustinek diona, deusik ez dezake, ezen eta da estekatua.

Ontsa zozo beraz, nork bere burua estekan den zakur baten aisikietarik zaintzen ahal ez duena!.

Ez gira arren gehiago debruaren peko, bekatuaren peko.

Bekatua garbitua da, debrua garraitua.

Huna Jainkoaren Bildotsa, huna munduko bekatuak ekentzen dituena.

Kurutzean hilez, Jesu-Kristok bildu ditu bere inguruan artzainik'ta alhapiderik gabe ziren ardiak.

Denak bildu ditu, denak lothu, denak garbitu artzain ona delakotz, bere bizia bere ardientzat emanez.

Guk ere behar dugu aldatu, graziazko soinekoak jauntzi, Bazko egunean harekin piztekotz.

Orduan da izanen haren nahia bethea: Artzain bat eta artegi bat.